Blogia
el blog de placido :-)

Afrika Bibang: "Euskal musika modernizatu nahi dut"

Afrika Bibang: "Euskal musika modernizatu nahi dut"

Afrikaren kanta bat lehen aldiz entzun nuenean, ez nion kaso gehiegirik egin; “Destiny’s child” edo antzeko talde bat zela pentsatu nuen, MTVko bideo-klipetan arropa gutxirekin jantzitako neskak ikusteko aitzaki bezala balio duten horietakoak. Baina laster konturatu nintzen ahots beltz eta epel horrek euskara goxoan kantatzen zuela, eta “euskal R&B”a jaio zela ohartu nintzen.

Hurrengo pausoa Afrikaren lehen diskoa erostea izan zen, “Entzun” albuma. Behin eta berriz entzun nuen, egoera ezberdinetan, eta gero eta gehiago entzun ahala, orduan eta gehiago nuen gustoko. Sentimenduz eta kalitatez beteriko lan honek erabat bereganatu zuen nire bihotza, eta Afrikaren “lehendabiziko fan” bezala deklaratu nuen neure burua. Afrika etorkizuneko, edo orain-oraineko emakume euskalduna iruditu zitzaidan: emakume independente eta sortzailea, beltza eta Algortakoa, euskalduna eta afrikarra, energiaz betea eta erabat modernoa.

Nire nahia, ordutik aurrera, bere kontzertu bat ikustea izan zen. Donostiako aste nagusian izan nuen aukera, Errege Katolikoen kalean ezarri zuten eszenatokian. Eta berriz ere Afrikak ez zuen hutsik egin: ondo batutako banda baten laguntzarekin, maisutasunez eta presarik gabe banan-banan askatu zituen “Entzun”eko kanta guztiak. Lehen iladatan, aho-zabalik begiratzen zioten han zeuden 20-30 haurrek: ahoa zabalik eta erne-erne, ile bat mugitu gabe.

Kontzertua amaitu ostean berarekin hitz egiteko parada izan genuen, eta elkarrizketa adosteko. Algortan egitea pentsatu genuen, Afrikaren jaioterrian. Uda amaierako egun nagi horietako batean urbildu ginen Bizkaiako kostaldera. Berandu iritsiko ginela esateko deitu nion Afrikari, eta gozo-gozo erantzun zuen: “lasai hartu, eta ez korrikarik egin kotxearekin!”. Azkenean, aurrez-aurre, nire kuadrilako betiko lagunak bezala zen Afrika, umorez eta pertsonalitatez beteriko neska arrunta. Ez zuen inongo arazorik izan edozein galderari erantzuteko.

Kontaiguzu pixkat nolakoa izan den zure bizitza orain arte…

Bilbon jaio nintzen orain dala 30 urte. “A” ereduko ikastetxe baten ikasi naban. Nire gurasoak afrikarrak dira eta Guineatik etorri zirenean ez zekiten hemen beste hizkuntza bat zegoenik. 15 urte nituela euskaltegian hasi nintzen, AEKn. Ordutik euskara ikasten ibili naiz. Erreztasuna daukat hizkuntzak ikasteko eta gainera neure buruari zin egin nion ordutik aurrera euskaraz egingo nuela. Zuzenbide ikasketak ere hasi nituen euskaraz, baina hirugarren mailan utzi egin nuen.

Musikari dagokionez, 17 urtekin reggae talde batean hasi nintzen, Santutxuko “Ke no falte” taldean. Horren ostean “Etsaiak”-en sartu nintzen eta 8 urte ibili nintzen beraiekin kantatzen.

“Etsaiak”-en nengoela Fermin Muguruza eta hainbat jende ezagutu neban. Ferminen diskoetan parte hartu nuen koruak egiten, eta berak nere disko propioa ateratzeko aukera eskeini zidan. Metak-ekoekin hitz egin nuen eta produkzio bikoitz bat antolatu zuten. Garate estudioetan grabatu genuen Kaki Arkarazorekin. Kaki Kortatu eta Negu Gorriak-en kitarra jotzen zuen, eta orain talde askorekin grabatzen du teknikari bezala.

“Entzun”, nere lehenengo diskoa, 2004ko maiatzean atera zen, eta orain arte bi bira egin ditugu diska horrekin. Orain amaitutzat eman dogu bira eta bigarren diskoa prestatzen gabiltza.

Kontaiguzu pixkat zure familiari buruz

Aita, ama eta lau anai-arreba gara, bi mutil eta bi neska, eta ni bigarrena naiz. Ondo konpontzen gara, eta denoi gustatzen jaku musika, aitari batez ere. Diskoak eta DVDak erosten ditu. Nere etxean beti entzun izan da musika beltza, batez ere musika afrikarra, baina baita ere Jackson Five, Diana Ross, Marvin Gaye, Steve Wonder… Asteburuetan aitak nahi genuena egiten uzten gintuen, eta orduan play-backak eta dantzak egiten dibertitzen ginen. Boney M-ekin zoratzen nintzen…

Zein musika entzuten zenuen gero, gaztetxoa zinenean, eta nolakoa izan zen zure nortasun musikala topatu arteko prozesua?

Emakume bihurtzen eta lagunekin irteten hasten zarenean kanpoko influentziak heltzen dira. Etxekoak beti hor daude; nire kasuan ez nituen ahaztu, asko jota izkina batean utzi nituen aparkatuta edo. Nire lagunak euskaldunak ziran, eta beraiekin Kortatu, Baldin Bada eta horrelakoak entzuten hasi nintzen. Alain Labajo lagun minak irakatsi zidan musikaz dakidan ia guztia. Nire neba nagusia ere heavy musikan murgildu zen, eta Motorhead, ACDC, Judas Priest eta horrelakoak entzuten zituen etxean. Beti kitarrak, kaña… Orain denetarik entzuten dot. Musika ondo egina baldin badago, eta zerbait sentiarazteko gai bada, gustoko dut, berdin zait rock-a, house-a, heavy-a edo chill-out-a bada. Tira, “bakalao” delako musika ez dut gustoko! Uste dut zure nortasuna bilatzeko denetatik probatu beharra dagoela, gustoko ez duzuna ere ezagutzeko. Orain adinarekin haurtzaroko musika horiek errekuperatu eta txertatu ditut: blues-a, soul-a, reggae-a… apur bat lasaiagoak!

Diskoak erosteko ohitura al duzu?

Lehen geihago, merkeagoak zirelako. Aitak biniloz beteta zeuzkan etxeko apalak. Hilero diska bat erosten saiatzen naiz. Kontua da 30 eurokin diska bakarra erosi daitekela, oso garestiak dira. Lagunek ere diskoak grabatzen dizkidate…

Musika jaisten al duzu internetetik?

Bai. Bai-bai… nik uste dut hori diskografiken asuntoa dela. Originalak erosten saiatzen naiz, baina lehen esan dudan bezala, ikaragarri garestiak dira.

Non kokatuko zenuke zeure burua euskal musikaren panoraman? Izan ere, zure proposamena guztiz berria da eta…

Bai, uste dut oso berria dela. Diskoa egiterakoan duda asko suertatu zitzaizkidan, ez nekien horrelako musika esukaraz kantatuta zer nolako harrera izango zuen… Bestalde, euskara bera horrelako musika leunetara moldatzea lan ikaragarria izan zen. Jendeak diskoa entzuten du eta hasieran ez da konturatzen letrak euskaraz direla, ingelesa dela uste dute. Hori izan da nire lanik handiena, hizkuntza eta musika moldatzea, bateratzea.

Uste dut nere diskoak haize berriak ekarri dizkiola euskal musikari. Euskal musikan dabiltzanei buruan sartu nahi diet denetatik egin dezakegula, ez bakarrik rock-a eta trikitixa. Atera zan ba “bakalao” disko bat euskaraz; niri ez jata gustatzen baina uste dot beharrezkoa dela. Denetatik egin daitekeela, soul-a, house-a, hip-hop-a, reggae-a, rock-a heavyxa… ona eta euskaraz kantatuta.

Agian bidea zabaldu duzu musika horientzat guztientzat…

Agian bai… Badago orain hainbat jende alor horiek piskanak-piskanaka jorratzen, Sorkun, adibidez. Berak ahots aproposa dauka musika leunago horiei eusteko. Ona iruditzen zait neskak, emakumeak izatea bide berri horiek jorratzen dituztenak. Bazen ordua, bestalde, ze 11 urtetan modernoena Fermin Muguruza izan zen, eta beste musikak geuregantzeko premia zegoen. Hala ere, egun ez dago euskal-talderik hip-hop edo soul gau bat antolatzeko, adibidez. Zein talde bildu zenitzake? Afrika, Sorkun, eta bakarren batzuk… Niri ikaragarri gustatuko litzaidake talde berriak sortzea euskaraz kantatzen eta jazz-a drum&bass, ska, edo horrelako musikak lantzen. Kontzertu guztietara joango nintzake eta lehenengo fan-a bilakatuko nintzen.

Inoiz pentsatu al duzu zeure disketxea zabaltzea, beste talde batzuk ezagutarazi eta beraien lana ekoiztea?

Bai, askotan pentsatu dut. Ideia asko dauzkat musika egiteko baina uste dut goiz dela oraindik. Bilbo oso txikia da; ikaragarri ari da modernizatzen baina merkatua txikia da oraindik. Hori bai, disketxe bat irekitzekotan musika ezberdinak sustatuko nituzke, freskoak. Hemengo jende asko Londresera, New Yorkera joaten da jotzera. Lortu behar dugu musikari horiek etxean gelditzea, hemengo musikarekin konpromezua hartzea.

Ba zeneukan “Afrika” taldearekin batera beste proiektu paralelo bat, “Rudo & friends”. Zer gertatu zen horrekin?

Proiektu hura amaitu zen. Maketa bat egin genuen eta hainbat tokitan jo genuen: Zamora, Vigo, Malaga, Bartzelona… “House” musika egiten genuen, diskoteketan eta klubetan entzuteko, baina proiektuaren liderrak esan zuen musika hura zaharra geratu zela klubetan entzuteko, LCD Soundsystem eta horrelako taldeak atera zirenean, beraz, amaitutzat eman zuen “Rudo & friends”.

Suposatzen dut musikarekin ez duzula nahikoa izango bizitzeko…

Ba ez… Denetarik egin dut: kamarera bezala traguak ipintzen eta tabernetan musika jartzen, erresidentzia batean, telebistan aurkezle bezala, jatetxe batean kantatzen… ahal dotena egiten dot bizitzeko.

Ez al dizu beldur pixkat ematen zure pertsona edo zure irudia besteek erabiltzea euren interesak defendatzeko, edo beste era batera esanda, zure irudia behar dan moduan ez erabiltzea?

Nire irudia marketin-a izan daiteke batzuentzat, baina horretarako nago ni hemen; zerbait arraroa ikusten badot berehala salatuko dut, edo esan ez dudan zerbait nire ahoan jartzen badute segituan ezeztuko dut, beraz horrek ez nau kezkatzen, argi dudalako nor naizen eta zer nahi dudan egin. Bestalde marketin-a beharrezkoa da diskoak saltzeko, hortaz, hartu eman bat da: eurek nire irudia erabiltzen dute, baina nik ere etekina atera diezaioket horri.

Ez dakit Lorna kantariarekin gertatutakoaren berri daukazun: “Papi chulo” abesten zuen neska nonbait desagertu egin da, eta beste neska bat jarri dute bere tokia, izen berarekin. Disketxekoek diote “Lorna” marka bat dela eta eurek eskubidea dutela beste abeslari bat kontratatzeko. Zer deritzozu honi?

Ezebez. Ez diot logikarik ikusten, ez dut ulertzen. Zer da lehenago, musika edo pertsona?

Hurrengo diskoa prestatzen ari zara?

Bai. Nire asmoa zen hilabete batzuk libre hartzea, atseden egitea eta agian bidaia musikal bat egitea, Jamaikara, adibidez, baina lana atera zait abendura arte eta ez da posible. Beharbada Bartzelonara joko dut. Giro artistiko eta musikal batean murgiltzea nahi dut abestiak sortzeko, musikaz betetzeko, Ferminekin, Manu Chaorekin… Baino bai, bigarren diskoa hortxe dago, ez daukat oso argi “Entzun” diskako estiloarekin jarraituko dudan edo ikutu reggae bat emango diodan. Aurrekoa ezberdina izan zen, barrua sentimenduz eta gauzez beteta nuelako eta bapatean bota nuen dena.

Nola egin zenuen “Entzun”en konposaketa?

Lehenengo melodiak egiten nituen kitarrarekin, eta ondoren produktoreengana jotzen nuen, Ernesto Maestro eta Israel Monzoncillorengana. Beraien laguntzarekin, piskanaka-piskanaka disko osoa egin genuen. Maketa grabatu genuen eta gero etxean, musika entzuten, letrak idatzi nituen.

Letrak oso pertsonalak eta ikaragarri politak dira…

Eguneroko bizitzatik atera dira denak. “Horrenbeste komeria”, adibidez, egunkariak irakurri eta telebistako informatiboak ikusi ostean geratzen zaizun sentimenduei buruz hitz egiten du, egun batean idatzi nuen… “Paradisuan” hil egin zen lagun baten omenez idatzi nuen, eta amodiozko kantetan ere esperientzia pertsonalak islatu ditut.

Eta orain, ba al daukazu nobixorik amodiozko kantak idazteko?

Orain dazkat preokupaziño asko… jejeje, eta ez det nahi beste bat. Oso gustora nago horrela.

Pozik al zaude lehen diskoak izan duen harrerarekin?

Hasieran harrera nahiko hotza izan zen, jendeak ez zuelako ezer ere ulertzen. Orain oso pozik nago, ikusten dudalako publikoa daukadala, eta gainera salmenten dirua jasotzen hasi naiz. Lortu dut jendea ni ikustera etortzea, eta aretoak betetzea. Nere publikoa gustoko dut, nola etortzen den, bere jarrera…

Kontzertuetan ere kriston energia erakusten duzu. Badirudi orduak egon zaitezkela eszenatokian barruan duzun guztia ematen…

Bai, asko gustatzen zait zuzenean kantatzea. Orain kontzertuak ez dira oso luzeak errepertorio mugatua delako, baina ikusiko duzu bigarren diskoa ateratzen dugunean… Hori izan da nire betiko ametsa: eszenatoki baten gainean nere kantak abestea, eta jendea kanta horiek dantzatzen ikustea…

Zer esaten dute zure gurasoek zure lanari buruz? Gustoko dute bideoklipak eta horrelakoak ikustea?

Oso harro daude, baina izan ditut arazoak. Izan ere, zuzenbide ikasketak utzi nituen musikari gogor eusteko, eta aitak ez zuen hasieran begi onez ikusi. Orain telebistan ikusten naute, egunkarietan, eta konturatzen dira hau zela nire benetako ametsa...

Elkarrizketa idazten amaitzear nengoela, telebistan ikusi dut berriz ere Afrika, Euskadi Gaztea-ren publizitate berrian. Ikaragarri polit agertzen da "Afri", orranzkera berriarekin eta beltzez jantzita. Kalean berriz, 5 urteko neskato koxkorra ikusi dut publizitatearen abestia kantatzen. Ziur nago neskato horrek ondo ezagutzen duela Afrika, nik txikitan Alaska ezagutzen nuen bezala...

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres
¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres

4 comentarios

glutton -

A favor de Africa y Placia un monton, y de Matilde Selavi tambien, Aupa Placida!

Matilde Selavy -

estupendo artikulo /pLac!, esta claro q la informacion freska empieza a estar disponible solo en blogs... nada de revistas de tendencias o suplementos musicales...
el/la que prefiera continuar creyendo en los dogmatikos medios tradicionales se puede perder un monton de buenas cosas!

me ha llamado la atencion que Afrika diga q el uniko musico q ha estado haciendo algo nuevo estos ultimos 11 años haya sido el "lider" Permin Muguruza...
creo que la euskal-musika no solo trata de 'euskaraz musika egiten duten jendez..', aunke kizas si. entonces "el pueblo" se vera dividido por otro estupido motivo más.
bueno, me imagino q Barrikada y Sociedad Alkoholika si que entraran dentro de la musica vascuence... pero que pasará con grupos ñoños tipo Lemans o proyectos tan contemporaneos como BillyBao (mattin.org)...

somos mas vascos en cuanto que al idioma q utilizamos pa comunicarnos??
o el/la verdadero/a euskaldun del s.21 es el/la que prescinde de dogmatismos e integra su dolida personalidad ancestral en un mundo globalizado y velóz?
dejaran de enseñar ingles en las ikastolas, para que l@s niñ@s aprendan chino??? (como la infanta esta de la Letizzzia)....

de todos modos, sabes q me ha encantado la entrevista.. ell@s (los medios a los que les propusiste la publikazion de este txt) se lo pierden.
me encanta vuestro euskera...
;D

Miguel -

Ez dut Afrika ezagutzen. Egia esateko euskal musikari ez diot kasu haundirik egiten. Gaizki egiten dut, badakit.

Oso pertsona simpatiko dirudi, ez da?

Lornarena ez nekien. Lorna produkto bat bezala aurkezten dute. Bisbal desagertu eta beste bat jartzea bezalakoa da. Dena den, arrazoia dute. produktuak dira, ez musika egileak. Bere musika egiten duen musikari bati ez diote hori egingo... :)

kat -

Aupa, Placida.
Nire blogari kutunetako bat eta orain euskaraz! Poztekoa.
Gazteleraz ala euskaraz, hemen duzu irakurle fin bat.
¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres